[icon name=»book» class=»fa-2x fa-pull-left»]Asociación de Ciencias Ambientales. Pobreza energética en España. Hacia un sistema de indicadores y una estrategia de actuación estatal. Madril, Asociación de Ciencias Ambientales, 136 or., 2018.
Ingurumen Zientzien Elkarteak (ACA) Espainian 2012an hasitako pobrezia energetikoaren adierazleei buruzko –laugarren– azterlan honetan, pobrezia energetikoa neurtzeko metodologietan aurrera egiten jarraitu beharra planteatzen du. Lehenik eta behin, Europar Batasuneko elektrizitate-merkatu bateratuaren zuzentarau berriak EBko estatu kide bakoitzaren pobrezia energetikoa monitorizatzea eskatuko du. Eskaera hori, halaber, pobrezia energetikoaren fenomenoa ikusarazten eta hobe ezagutzen jarraitzeko ere justifikatzen da, europar herrialdeetako milioika biztanleri eragiten baitie arazo horrek; eta horietako asko elektrizitatearen, gasaren eta etxeko beste energia-iturri batzuen hornidurarako sarbide erregularra galdu dute edo hornidura horiek ez ordaintzeagatik deskonektatzeko arriskuan daude.
Espainiako INE erakundearen Bizi Baldintzen Inkestaren pertzepzio- eta adierazpen-ikuspegietan oinarri hartutako neurrien arabera, 6,8 milioi biztanlek pairatuko omen luke pobrezia energetikoa, hau da, Espainian bizi den biztanleriaren %15ak tenperatura desegokia bizi du etxebizitzan; edo erreziboak berandu ordaindu ditu; edota gauza biak gertatu zaizkie; eta %6k bi edo atzerapen gehiago izan ditu azken hamabi hilabetetako fakturak ordaintzean (2,8 milioi biztanlek). Baina herritarren energia-eskubideen defentsaren ideia pobreziari aurre egiteko alderdi estrategiko gisara finkatzen ari da, eta planteamendu hori proposamen globaletan oinarritzen da, besteak beste: Garapen Iraunkorreko 7. Helburuan, energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa eskatzen duena.
Europar Batasunak berehala behartuko ditu estatu kideak neurketa-irizpide ofizialak ezartzera, eta Espainian Pobrezia Energetikoaren Behatokiaren (EPOV) proposamen metodologikoa aplikatzea proposatzen da. Ildo horretatik, Pobrezia Energetikoaren Europako Behatokiak (EPOV) proposatu du, Europako Batzordearen agindupean, lau adierazle primario erabiltzea: bi, etxeko gastuen eta diru-sarreren ikuspegian oinarritutakoak, eta beste bi, berriz, egiturazko faktoreei eta fenomenoaren alderdi osagarriei buruzko bigarren-mailako adierazle sorta bat dira. Ingurumen Zientzien Elkarteak, Behatokiko bazkide gisa, txosten honen aplikazio metodologiko praktiko bat gauzatzen du, Familien Aurrekontuei buruzko Inkestaren (EPF) eta INEko Bizi-Baldintzen Inkesta erabilita, aurreko hiru txostenetan erabilitako bi datu nagusien iturriak.
Adierazle nagusien desagregazioak adierazten duenez, 2016an eragin handiena pairatu duten lau autonomia-erkidegoak hauek dira –ordena honetan–: Gaztela eta Mantxa, Andaluzia, Murtzia eta Valentziako Erkidegoa. Klima epelagoak dituzten eskualdeak dira horiek guztiak, eta, aitzitik, hobekien kokatuta dauden lau erkidegoen aldean (Euskadi, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Madril) egoera okerragoa bizi dute, eta horrek iradokitzen du ez dutela balio faktore klimatikoek emaitza autonomikoak azaltzeko; edo klima-faktoreen eraginaz espero denaren kontrakoa gertatzen da.
Etxeko baldintza soziodemografikoen analisiak aurretik hezkuntza-mailarekin, lan-egoerarekin, kontratu motarekin, egoera zibilarekin edo jatorrizko herrialdearekin zerikusia duten kaltebera izateko patroi batzuk berresten ditu; osasun txarra eta gaixo kronikoak edo gizarte-laguntzak kontuan hartzen dituztenak. Bi kategoria nabarmentzen dira: gurasobakarrak –pobrezia energetikoaren feminizazioari dagozkionak–, eta bakarrik bizi diren adineko pertsonak, biztanleriaren zahartze-mailaren ondorioz gertuko etorkizunean haziko direnak.
Lau adierazle nagusiek eragin-gradu argiak, jarraituak eta nabarmenak azaltzen dituzte diru-sarreren arabera. Gainera, urte guztiotako datuak aztertuz gero, diru-sarrera apalenak dituztenen artean altuagoa baita, 2007 urteko mailaren aldean, 2016ko pobrezia energetikoaren maila. Hamarkada bat iraundako krisialdiak pobrezia energetiko orokorra hazteaz gain, desberdintasunak ere haztarazi izan ditu. EBko herrialdeen artetik, Espainiako etxebizitzarako energia-prezioak garestienetakoa izaten jarraitu du eta 2008tik gehien hazitakoa. Bestetik, informazioaren gabeziagatik, zailtasun nabarmenak ditu jende askok bonu soziala eskuratzeko. Izan ere, tarifa erregulatura aldatu behar baitute kontratua merkatu libreko tarifak dituzten biztanleek; eta merkatu libreko kontratuek sarri izaten dituzte faktura garestitzen duten zenbait zerbitzu gehigarri.
2016 urteko kalkuluen arabera, 9 milioi biztanlek jaso behar omen luke bonu sozial hori, baina 6 milioi pertsonek bakarrik (2,3 milioi etxebizitzek) jasotzen dute horrelako laguntza. Bonu sozial elektrikoaren analisiaren arabera, ez omen du bizi pobrezia energetikoaren arazoa 9 milioi horietatik %68k; eta adierazle horien arabera, erdiak baino gutxiagok izango luke egungo irizpideetan oinarritutako laguntza, nahiz eta pobrezia energetikoa bizi. Eragile desberdinek bultzatutako neurriak askotarikoak izan arren, azken batean, neurri aringarriak izan dira denak, eta ez dituzte egiturazko aldaketak proposatzen, adibidez: etxebizitzako errehabilitazio energetikoa gauzatzeko bideratu beharreko neurriak.
Bestalde, eraikuntza berriei dagokionez, titulartasun publikoko etxebizitza-parkearen efizientzia-hobekuntza bultzatzea gomendatzen dute adituek; gehienbat etxebizitza sozialetan eta kalteberatasun-egoeran dauden biztanleei bideratzen zaizkien etxebizitzen kasuan. Azken batean, aldaketa klimatikoaren eraginen inguruan zalantzak ageri diren honetan, eraikuntzak egokitzeak garrantzi nabarmena izango du herritarren kalteberatasun energetikoa murrizteko, hau da, balizko aldaketei aurre egiteko tresna gisara. Bestalde, fenomenoari aurre egiteko egiturazko baldintzak aldatzea gomendatzen dute lehenetsitako politika gisara, egoerarik larrienei aurre egingo dietena, bereziki horniduren mozketak nabarmenduta.
Pobrezia energetikoaren eta osasunaren arteko harremanari dagokionez, ezagutza hobetu beharra azpimarratzen dute. Eraikinek osasun-arloan duten babes-maila neurtzeko tresnak eskuratu beharra azpimarratzen dute batetik; eta osasun-zentroetan, osasun fisikoari nahiz mentalari buruzko pobrezia energetikoaren eraginak neurtu ahal izateko protokoloak finkatzea ere. Azkenik, txosten hau idatzitako egileen arabera, komunikazio-, informazio-, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekimenak bidera beharra ezinbesteko izatea gomendatzen da herritarren ahalduntzea gertatzeko. Horren adibide gertatzen da bonu elektriko sozialaren gaia, komunikaziorako berariazko kanpainarik gabe egin dena. Azken batean, aldaketarako Espainian onartzear dagoen Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren legea giltzarri gerta daiteke ordenamendu juridikorako, eta horren ondorioz, pobrezia energetikoaren fenomenoari aurre egiteko.