Espainiako haurretatik heren bat pobre izateko arriskuan

[icon name=»book» class=»fa-2x fa-pull-left»]Pascual, C. Niñas y niños, los más vulnerables en todas las comunidades autónomas. El bienestar de la infancia en España 2014. [s.l.], Educo, 40 págs., 2014.

Educo gobernuz kanpoko erakundeak burutu du Espainiako haurtzaroaren inguruko azterketa hau aurretik argitaratutako pobreziaren inguruko ikerketei segida emanez. Horrela, bertan aurkezten dira eguneratutako adierazle batzuek autonomia-erkidegoetan bereizita, betiere oinarritzat hartuz INE Espainiako Estatistika Erakundearen iturriak.

Espainiako kasuan, haurtzaroaren inguruko politikarik gehienak erkidegoen esku daude, eta txosten honetan nabarmendu nahi dira maila geografiko eta administratiboen artean dauden politika eta datu horien inguruko aldeak.

  • Lehenik, azterketa burutzen da aipaturiko autonomia-erkidego horietan haurrek duten pobrezia-arriskua neurtzeko, horren ostean pobreziaren eta bere eraginen faktoreak identifikatzen saiatzeko.
  • Dimentsio edo izaera materialeko pobreziaz jarduten du ondorengo atal batek, baina horretaz gain, Educo erakundeak gidaturiko azterketa honetan kontuan hartu dituzte haurren ongizatea neurtzeko bestelako alderdi batzuek.

Espainiako pobrezia eta gizarte-bazterketari kontu hartzean, ohartzen gara haur eta nerabeak direla kalteberatasun gehien pairatzen duen kolektiboa 17 autonomia-erkidegoetan. Oro har, Espainiako haurren pobrezia-arriskua heltzen da % 29,9ra, eta datu horrek gainditzen du bai 18 eta 64 urte bitarteko biztanleriak (% 21,9) bai 65 urtetik gorako pertsonek (% 14,8) duten pobrezia pairatzeko arrisku hori.

Espainian, guztira, 2,5 milioi haur bizi omen dira pobrezia-arriskuan, eta horien artetik 1,5 milioi ume bizi dira lau autonomia-erkidegoetan (Andaluzia, Katalunia, Valentzia eta Madrilen). Ehun haurren araberako datuak kontuan izanez gero, horietatik 25 bizi dira Andaluzian, 15 Katalunian, 10 Valentzian eta beste 10 bizi dira Madrilen.

Portzentajeak kontuan hartuz gero, haurtzaroko pobreziaren inguruko daturik altuenak pairatzen dituzte Murtzia, Andaluzia eta Kanarietako haurrek, eta gutxi gorabehera %40ko  eragina du erkidego horietan. Daturik egokienak biltzen dira Nafarroa, Madril, EAE eta Kantabriako autonomia-erkidegoetan.

Haur-pobreziaren fenomenoa neurtzeko, azterlanak nabarmentzen ditu ondorengo hiru faktore erabakigarri hauek:

  • etxebizitzen osaeraren ezaugarriak,
  • gurasoen lanaren eremuko egoera;
  • eta bai haurrei bai familiei bideratutako transferentzia sozialen garrantzia.

Lehenengo faktore horrek aintzat hartzen du etxebizitza batean seme-alabak ote dituzten pobrezia eta gizarte-bazterketa neurtzean.

  • Eurostat eta INEren datuen arabera, 2007. urtetik aurrerantzean pobrezia pairatzeko arriskua hazi egin omen da seme-alabak dituzten familien artean.
  • Adibidez, 2013an bi seme-alaba zituzten familien artetik hilabete bukaerara heltzeko zailtasun ugari izan zituen % 40ak (seme-alabarik gabeko etxebizitzan % 31ren aldean).
  • Bestetik, azterketak nabarmentzen du pobreziaren eragin hori hazi egiten dela haurrek urteak betetzen dituzten heinean; eta baita ere kontuan hartzekoa omen da gurasoen jatorria, izan ere, gizarte-bazterketarako arriskua hazi egiten da etxebizitzako pertsona erreferentea EBtik kanpokoa den kasuetan.

Gurasoen langabeziaren ondorioz hazten omen da gehien haurrak dituzten familietan pobrezia pairatzeko arriskua. Horrela, etxebizitzako lan-eremuko intentsitatea beheratzen den heinean, hazi egiten da haur-pobrezia pairatzeko arriskua.

  • Adibidez, 2012. urtean laneko intentsitate oso baxua zuten etxebizitzetatik %83ak gainditzen zuen haurren pobrezia maila hori; eta Eurostat erakundearen esanean, 2007 eta 2013 urteen artean hirukoiztu egin omen da intentsitate baxuan lan egiten duten familien zenbatekoa.
  • Fenomeno hori azaltzean, adituek nabarmentzen dute laneko merkatuaren izaera duala eta aldi baterako enpleguen hazkuntza; eta horri aurre egiteko eraginkorren diren faktoretzat jotzen dituzte hezkuntza- eta lanbide-prestakuntza.
  • Faktore horietaz gain, azterlanak nabarmentzen du langabeziaren prestazioak gutxitu izana eta gizarteratzeko gutxiengo errentek duten eragin urria, nahiz eta azpimarratzekoak izan EAE eta Nafarroan prestazio horien eragina.

Azkenik, azterlanak kontuan hartzen du transferentzia sozialen gaia hirugarren faktore gisara. Familia eta haurrei bideratutako transferentzia horiek oso apalak dira EB-27 osatzen duten herrialdeekin alderatuz.

  • Adibidez, 2011. urtean haur- eta familia-programetan Espainiak bideratutako gastu soziala heldu zen % 5,4 izatera, garai horretan EB osatzen zuten herrialdeek eginiko % 8ko bataz besteko gastuaren aldean.
  • Eskandinavia eta Europako herrialdeak dira aitzindari pobrezia-arriskua gutxitzen transferentzia sozial horien bitartez (% 70,8 Norvegian, % 69,5 Islandian eta % 63,5 Finlandian); eta Espainia eta Grezia dira eraginkortasun gutxien duten herrialdeak (% 22,5).
  • Konparazioan datu horiek txarrak izanda ere, are gehiago eskastu dira Estatuak familia eta haurrei bideratutako transferentzia horiek.
    • Adibidez, 2011 eta 2012. urteen artean % 15,7an beheratu dira Gizarte Segurantzaren kargura eginiko seme-alabekiko prestazioak;
    • familia eta haurtzaroaren arretarako dirulaguntzek % 42,5eko murrizketa izan dute; jangeletarako bekak murriztu dituzte % 30-50 bitartean;
    • eta % 43 murriztu da autonomia-erkidegoetara administrazio zentralak bideratutako transferentzia horien zenbatekoa.

Gabezia larriak pairatzen dituzten haurren kopurua bikoiztu egin da, eta 2007. urtean 345.000 izatetik igaro da 2013an 700.000 izatera.

Azken urteotan haur-pobreziaren ikusgarritasuna hazi den arren, azken batean, Educo erakundeak eta aditu ugarik saltzen dute haurtzaroaren ongizatea bermatzeko estrategia nazionalaren plangintzarik ez izatea.